Bidaia
Orain dela urteak egin genuen abestiaren titulua izan daiteke bidaia. Beranduago Bidaiatzen ere kantatu izan dut. Azkenean bizi egin dut; eta nola. Bidaiatzen bizi naiz azken aldian, eta niretzako bidai bat ez da atzerrira joatea derrigor. Batzuetan, herritik irten gabe ere erraz bidaiatzen da.
Gero eta merkeago da Europan barna murgiltzea, edo hegazkin ekonomiko (ez (eko)logiko) bat hartu eta beste puntara joan. Mugak desagertuz doaz, eta Kubara pultserarekin bidaiatzen du jendeak, eta Kuba ikusi duela esan. Kubatar emaztea ekarriko du gainera.
Niretzat bidaiatzea ez litzateke izango Frankfurtera bigarrenez joatea. Bidaietan leku berriak ezagutu behar dituzu (eta ez dut esan nahi, bigarrenez joanda ezagutuko ez nituzkeenik), eta gehienbat ezberdin sentitu (izan gauza, kolore, forma, soinu, material, argi, usain, janari….), eta hori gaur egungo turistak ez du oso atsegin. Bai, joan zaitezke Greziara, edo Kroaziara, eta han etxean bezala (izan Donosti zein Salou) sentitu, McDonaldsean janez, eta Bershkan 4 eurotan kamiseta bat erosiz. Bidai ederra. Gastronomia bikaina. Souvenir apartak…. ai ene, a ze bidaia.
Kotxean, bidai batetik nentorrela, berriz ere bidaiatu dut une batez, Mikel Laboak lagunduta:
Maite ditut
maite
geure bazterrak
lanbroak
izkutatzen dizkidanean
zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten uzten
orduan hasten bainaiz
izkutukoa…
nere baitan bizten diren
bazter miresgarriak
ikusten.
Lanbro artetik irten naizenean, nire hurrengo bidaia ikusi dut STOP seinalearen atzean, esperoan. Izan ere, etzi noa Marokora bigarrenez, nahiz eta Portugal kuttunean hirugarren aldiz egon berri naizen.
Oraingoan ez daramat argazki kamera. Faltan botako dut. Eta faltan botako ditut zenbait txakur (animaliak), eta zenbait pertsona, eta zenbait irudi. Baina berehala hemen izango naiz, gauza berriekin, eta nork daki zenbat bidaiekin.
Laster arte.


